kukutza alarma gorrian

“Gaztetxea, okupatutako eta autokudeatutako topagunea da, bertan parte hartzen duten pertsonen esperientziaz eta langile jarreraz aurrera eramana, errespetuzko elkarbizitza eredu baten oinarrituta, non eta erabakiak gaztetxearen proiektuan lan egiten dutenen arteko asanbladan hartzen direnak. Gure bizitza askatzen duten alternatiba kultural, sozial, politiko eta kolektiboak garatzen dituen gune askea da.”

Horrela aurkezten du Kukutza III.k bere burua, 13 urtez Bilboko Errekalde auzoan burututako lana eta esperientziaz eraikitako nortasun eta izaera definitzeko. Denbora honetan zehar gaztetxeak tailer eta ikastaroetaz gain, barazki jantoki herrikoia, eskalada taldea, malabare taldea, haurren txokoa eta beste hainbat ekimen jarri ditu martxan, auzoari eta hiriari aisialdi autogestionaturako espazio bat eskainiz.


Urte hauetan zehar desalojo bati eta hainbat huste eta eraiste mehatsuei aurre egin die Kukutzak, baina gaur egun bizi duen egoerak ez du parekorik. Uda hasieran lurzoruaren jabe den CABISA enpresak gaztetxea bota eta bertan etxebizitzak eraikitzeko nahia adierazi zuenetik, prozedimendua zintzo-zintzo jarraituz Bilboko Udalak joan den astean sinatu zuen eraikina botatzeko baimena. Ertzaintzak agindua jaso duenetik, gaztetxea edozein unetan eraitsia izateko arrisku egoeran aurkitzen da, gaztetxearen blogean irakurri dezakegun moduan: “Kukutzaren huste mehatxua gero eta hurbilago dugu. Badirudi gaur edo bihar etorriko direla gaztetxea hustu eta eraustera. Horrexegatik, Kukutza III Gaztetxeak deialdia luzatzen du ZUEN ELKARTASUNA ETA LAGUNTZA eskatuz hau gerta ez dadin. Azken Guda Dantza hasi da!!!!! Adi Egon Kukutzatik egingo diren deialdiei!!!”

Arkitektura eta hirigintzan alorrean lan egiten duten teknikariei zuzenduta uztailan ALDIRI blogean argitaratutako gogoeta berreskuratu nahi dugu gaurkoan:

“Arkitektoen eta hirigintzan lan egiten duten teknikari ororen ikuspegitik badira hamaika arrazoi Kukutzak bizirik iraun dezan aldarrikatzeko:

 1- Kukutzaren ibilbidea hiria eraikitzeko erreferentea da. Auzoko ekipamendu gabeziari erantzuna emateko jaio zen, auzotarrek kudeatutako topagunea sortuz. Auzolanaren indarra ikur, Errekaldeko hiri-mugarri bihurtu da. Eraikinaren kokapen estrategikoa auzoko hiri-sarean, eraikinaren egokitasun eta aukera espazialak, eta errekaldetarren ilusioa eta gogoa dira Kukutza auzoko espazio publikorik garrantzitsuenetakoa bilakatzeko arrazoiak. Izan ere, eraikina izanagatik, espazio publikoaren izaera du, ekintzetarako eta harremanetarako gune irekia baita. Bilboko ondare sozialaren zati da dudarik gabe; auzo-identitatearen eraikitzailea.

 2- Kukutza kultura ulertzeko eta antolatzeko modu bat da. Asanblada demokratikoen bidez hartzen dira erabakiak, eta irekita dago edozeinen parte hartzeari. Proiektu autogestionatua da, irudikatzen dugun gizarte utopikoa, ideologia eta politika zehatzak alde batera utziz, irudimenetik errealitatera igarotzeko espazioa; instituzioek kultura, zerbitzu, etxebizitza eta aisia mailan dituzten hutsuneak bete nahi dituena. Bertan, Bizkaiko rokodromo hoberenetarikoa dago; flamenko, dantza klasiko, dancehall… ikasteko dantzagune-akademia dago; auzoko nagusien eskulan-tailerra; haikido eta taekwondo kirol-eskolak; hainbat artisten lan-egoitza, antzerki-taldea, liburutegia, musika-entsegurako gela insonorizatua, Bizkaiko zirku eta malabaristen elkartea, eta abar luze bat. Udaletxeak berak maiz diruz lagundu ditu bertan egin diren hainbat jarduera, Kukutza nolabait legitimizatuz, bertan nazioarteko kalitateko kultur ekintzak eskaintzen baitira.

 3- Kukutza kokatzen deneko eraikin industrialak, gainera, arkitektura-ondareko balioa du. Errekaldeko historiari lotua, arkitektura industrialaren eredu ona da, auzoan gelditzen den azkenetarikoa. Arkitektura arrazionalista eta funtzionala da, ongi eraikia eta mantendua. Adreiluzko fatxada harmonikoek hormigoizko 3 solairuko eraikintzarra osatzen dute. Aipagarria da lekuari egokitzeko eraikinaren alaka biribilaren keinua.

 4- Eraikin baten zaharberritze eta egokitze lanen adibide interesgarria da. Eraikinaren ezaugarriek baimendu dute oinplano libre batean, altuera egoki eta perimetroko fatxadako argiztapena medio, kultur aktibitateak txertatzea inbertsio handirik gabe. Hiriaren biziarazlea izan da orain arte, diru gutxirekin errendimendu maximoa lortu daitekeenaren eredu.

 5- Bilboko Plan Orokorra berrikuste garaian dago, eta une egokia da Kukutzaren balioa mahaigaineratzeko eta Errekalde auzoaren beharrez jarduteko. Parte-hartze prozesu bat zabaldu beharko litzateke, eta etxebizitza gehiagoren beharra ote dagoen frogatu, hirigintza parte-hartzailea bultzatuz. Bikain funtzionatzen duen antolatze eta kudeatze kultur agentea den Kukutza desegiteak zentzugabea ematen du, helburuak betetzen dituen eraikina dugulako. Hiria egiteko bide alternatiboak abian jartzeko une egokienean garelako, aukera balia dezagun.”

Desalojoa edozein momentutan eman daitekeela ohartaraziz ekimen ezberdinak antolatu ditu gaurko:

Gaur Irailak 14 KUKUTZAN

11:00etan Prentsaurrekoa

17:00 Umeentzako zirku ikastaroa

19:30 Akerjembe: Errekaldeko gazteen perkusio taldea

20:00 Zea Maysen KONTZERTUA


Post hau auzoak // barrios, elkarbizitza // convivencia, gertaera // evento, hiri-herritarrak // ciudadanía, hirigintza // urbanismo, LHAB, nortasuna // identidad, parte-hartzea // participación, soziala // social atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s