Esperientzia periurbanoak

Atzo esperientzia oso periurbanoa bizi izan nuen. Denbora dezente egon naiz mendiko jaka bat erosi nahian, eta nire auzoko denden aukera agortuta (mendiko arropa teknikoaren prezioak badakizue non dauden) oso ezaguna den azalera handiko kirol kate batera joatea erabaki nuen. Horretarako, lehenik eta behin etxetik bidaia prestatu behar nuen; txikitan bezala, oraingoan ez nintzen gurasoekin Frantzia aldeko Carrefour-era joango, Madrilgo periferiako merkatal zentro batera baizik.

Beraz, metroa hartu eta Plaza Castillatik irteten den 157c autobusa hartu nuenean hasi zen nire abentura. Hirigintzaren arloan gabiltzanontzako, oso esperientzia interesgarria izan daiteke Madrilgo zentrotik kanpora ateratzea. Kotxez. Edo autobusez. Hiriaren beste aurpegi bat ezagutzeko aukera da, horrela izan zen niretzat behintzat; hemen, hiri zentrotik eta garraio publikoan bakarrik mugitzen bait naiz.

157c autobusaren ibilbidea (GoogleEarth).

Castellanaren ipar aldea eta bere lau dorre aseptikoak atzean utzi eta gero, M-30 eta A-1an Madrilera sartzeko izugarrizko trafikoarekin topo egin nuen. Oso oldarkorra, presazkoa. Baina hori arratsaldeko gauzarik hunkigarriena izango zela pentsatzen hasia nintzenean, justu momentu hartan, autobusa pare bat bira eman eta Las Tablas-eko PAU (Programa de Actuación Urbanística) erdi-erdian sartu zen. Norabide bakoitzeko hiru bideko errepide hutsak (benetan, huts-hutsik, beste pare bat autobus eta laupabost kotxe besterik ez nituen ikusi), dimentsioz gaineko espaloi eta kale hutsak ere, eskolatik umea zekarren amama bat eta txakurrarekin eguneroko ibiltxoa ematen ari zen neska bat besterik ez nituen ikusi. Kantoi batean itxaropena: denda batzuk eta taberna bat, azken honen terraza beteta, jende nahiko gaztearekin eta itxura ona zeukana. Hortaz gain? norabide guztietara begiratuz gero, lurzoruan jarritako etxebizitza promozioak, espazio publikorako itxiak. Autobusetik azterketa azkar bat egin ostean, ekipamendu eta zerbitzu publikoen falta nabaria zen eta hiri planteamendu ere okerra zirudien. Niri behintzat, ez litzaidake gustatuko zonalde horretako geltoki batetan jeiztea, alperkeria edo beldurragatik akaso. Las Tablas-en pertsona bakarrak egin zuen autobusaren erabilera. Gizon nagusi bat, supermerkatuko poltsa batekin, geltoki batean igo zen hurrengoan jaisteko. Agian ibiltzea kostatzen zaio, adinagatik agian nekatuko da. Agian. Edo agian ez zaio sekula bururatuko kale aspergarri, ezeroso, eskalaz kanpoko eta triste horietatik ibiltzea.

Hurrengo ikuskizuna: Telefonica-ren egoitza nagusia.

Las Tablas-etik atera eta bat-batean, izugarrizko tamainako eraikin bat ageri zen. Mega-eraikin bat, normaltasunaren barne sailkatu ezin den egitura. Ez nuen ezer ulertzen; zer ote zen hori? Kanpoan inor ez, oso opakoa, lar berria zen. Eta orduan erantzuna: Telefónicaren egoitza nazionala zen. Tamaina erdiko hiri baten azalerakoa. Las Tablas-eko PAU eta La Moralejaren artean kokatuta, bere metro geltokiarekin eta guzti.

Telefónica-ren egoitza nagusia eta Bilboko zazpi kaleak aurrez-aurre (GoogleEarth).

Une horretatik aurrera edozertarako prest nengoen. Bizitzeko auzo ezegokia, artefaktu telefoniko bat segidan… Eta etorri zena esperokoa zen: La Moraleja Green merkatal zentroa erdi-erditik zeharkatu zuen autobusak, hiru errotonden ostean, beste merkatal zentro bateranzko bidea hartzeko. Hori zen nire helmuga. Abentura amaitzear zegoen. Edo hori zirudien…

 

Berezko bideak

Ezagutzen ez ditudan lekuetara joaten naizenean, bidaia prestatzea gustatzen zaidan tipo horietakoa naiz. Behintzat planoari pare bat begidara botatzen dizkiot. Eta denbora izatekotan, batez ere leku periferikoak direnean, Google Maps-en Street View tresnaz baliatzen naiz erreferentzia fisiko batzuk hartzeko. Beraz, horrela egin nuen, eta nire erreferentziei kasu eginda, autobusa metalezko zubi baten ondoan zegoen geltokian gelditu zenean, hortxe bertan bota nintzen.

Ai! Zubia berdin-berdina zen, eta inguruak ere bai, baina geltokia ez zen nirea. Aurreratu egin nintzen. Eta hor, oinezkoen kontrako paisai hartan, bi aukera nituen: hurrengo autobusaren zain geratu, edo nire helmugara heltzeko bide bat bilatzea. Holako abenturak, bai hirian bai periferian, gogokoak ditut, beraz, egia esanda pozik nengoen horrelako erronka baten aurrean. Eta hasi nintzen ibiltzen, nire senari jarraituz.

Geltokia merkatal zentro erraldoi baten ondoan zegoen eta logikak (etxean ikusitako planoa gogoratuz) hurrengo merkatal zentrora iristeko aparkalekua zeharkatu behar nuela esan zidan. Eta horrela egin nuen, baina aparkalekua amaitzen ari zela, ez zirudien honen ostean biderik ez beste ezer egongo zenik. Metalezko hesi bat besterik ez. Hala ere, begirada bat botako dut, esan nion nire buruari. Hara hor nire harridura. Biderik ez zegoen, ez, baina berezko bidea bai. Getxoko Aizkorri hondartzara jaisteko antzeko bidea. Beharrak egindakoa eta izengabeko eskuaz hobetuta (egur eta metal zatiekin landuta). Buztina eta belarra zapaldu, zuhaitzen azpitik pasa, eta bi edo hiru pertsonekin gurutzatu ondoren beheko errepidera heldu nintzen. Hantxe bideak jarraitzen zuen eta nire helmuga  ia-ia begi bistan nuen.

Argazkiak: Ion Etxabe Gutierrez.

Oinezkoak ez, eskerrik asko

Azken tramura heldu, eta zebra pasu bat besterik ez zen falta merkatal zentrora iristeko. Baina bestaldean  espaloia eteten zen, belar artean ezarritako harriak besterik ez zeuden. Harriak, buztina, eta belarra beste behin ere. Baina bidexka hauek ez ziren esku ezezagunen lanari esker egindakoak, merkatal zentroko urbanizazio lanen parte ziren. Oinezkoei eta hauen ibilbideei kasu handirik egin gabe martxan jarritako lanak, suposatzen dut. Nire aurretik zihoan bikoteak bere trikimailuak erakutsi zizkidan, agian egunero hortik pasatzeko beharragatik findutakoak. Harrizko eta buztinezko azken zati hori pasa eta aparkalekuan agertuko ginen bai edo bai, ez zegoen beste aukerarik. Azkenik, merkatal zentroko atetik gertu ginenean, orduan bai, hantxe oinezkoentzako esparru zabal bat. Gu bai garela garrantzitsuak, noski baietz.!

Argazkiak: Ion Etxabe Gutierrez.

*** Artikulo hau ALDIRI. ARKITEKTURA ETA ABAR aldizkariaren blog-ean argituratu da.***


Post hau espazio publikoa // espacio publico, mugikortasuna // movilidad, nortasuna // identidad, periurbanoa // periurbano atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s